Aparkalekuak. Bizikletak haietarako beren-beregi prestatutako lekuetan utzi behar ditugu.
Besteengan pentsatu. Bizikletak aparkatzeko egitura egokirik ez badago, oinezkoei eta ibilgailuen trafikoari oztoporik sortzen ez duen leku batean lagako ditugu. Zenbait herritan, kale-egituretan (faroletan, barandetan…) edota zuhaitzetan lotuta uztea debekatuta dago. Beste batzuetan uzten dute baina zentzuzko irizpide hauekin:espaloiak gutxienez 3 metroko zabalera edukitzea, oinezkoentzako guneak izatea, bizikletak zintarritik ahalik eta hurbilen eta berarekin paraleloan kokatzea eta beste zerbitzu publiko zein pribatuak ez oztopatzea.
Babestu. Bizikleta beti lotuko dugu, nahiz eta denbora laburrez gelditu behar, baita garaje barruan uzten dugunean ere. Giltzarrapo egokia aukeratuko dugu, hainbat irizpideren arabera: bizikleta kalean egongo den denbora, bere kalitate-prezioa eta utziko dugun lekuaren ezaugarriak.
Hiru giltzarrapo mota. Hauek dira nagusiki: A-Kable txirikordatua (pisu gutxiago du baina mozteko errazagoa da); B-Kate motakoa (pisu gehiago du baina mozteko zailagoa da) eta C-“U motakoa” (oso gogorra da baina batzuetan bizikleta ondo lotzeko laburregia da).
Giltzarrapoa zelan jarri eta non utzi. Giltzarrapoa gero eta altuago jarriko dugu, moztea zailagoa delako. Koadroa lotuko dugu, ez soilik gurpilak, eta hobeto toki agerian uztea, ez leku ilun eta bakartietan. Bestetik bizikletak eskuz askatu daitezkeen elementurik ez dute eduki behar (jesarlekua, gurpilak…), dena azkoin finkoekin lotuta.
Bizikleta lapurtzen badigute. Salaketa jarriko dugu eta horretarako bizikleta erosi genueneko faktura gordeta eduki behar dugu. Bestetik aseguru-etxeak estaltzen digun galdetuko dugu. Bastidorearen zenbakia ere edukitzea komeni da.