Arriskua. Txirrindulaz ibiltzeak arrisku-maila bat du, noski, eta horregatik arreta handiz eta arauak betez gidatu beharra dago. Istripua izateko aukera proportzionalki beste garraiobideetan baino zertxobait handiagoa bada ere, ez da jendeak uste duen hainbestekoa, EAEn 2019an hil direnen datuak ikusita: % 41 auto erabiltzaileak, % 31 motor-gidariak, % 2 txirrindulariak eta % 26 oinezkoak. Istripu erdiak asteburuetan izaten dira.
Euria edo hotzarekin. Ez da hain erosoa ibiltzea baina Europako beste lurraldeen erabiltzaile kopuru handia ikusita, oztopo horiek erraz gainditu daitezke arropa egokiarekin eta babes-elementuekin (lohi-babesak, zirak...).
Malda handiak. Herri askotan orografiak ez du laguntzen baina hori ere arintzeko aukera dago, kanbioekin edota pedelek edo bizikleta elektrikoekin.
Salgai astunak. Pisu asko eramateko ez da oso praktikoa nahiz eta 30 kg arte eraman daitekeen zakuto, otar edo parrila onak edukiz gero. Eta zametarako egokitutako bizikleta elektrikoa erabiltzen badugu, karga astunagoak eraman daitezke.
Lapurtzeko arriskua. Beste garraiobideena baino handiago da baina ondo lotuz gero asko jaisten da, dagokion gaian azaltzen den bezala.