Tenkatuta. Ondo balaztatzeko, kableek tenkatuta egon behar dute baina ez gehiegi, bestela aurreko gurpila blokeatu eta gu jausi gaitezke edo atzeko gurpilak derrapatu dezake.
Tenkatzeko. Kablea eskuz apur bat tenkatzeko balazta-palanketan edo balaztetan bertan dauzkagun tenkatzekoak erabiliko ditugu. Gehiago tenkatu behar bada, kablea balaztarekin bat egiten duen azkoina askatu, kablea tenkatu eta berriz estutuko dugu. Balaztatzeko palanka askatzen dugunean kablea ondo itzultzen ez bada ugertuta, okertuta edo balaztaren malgukia txarto egon daiteke.
Egiaztatzeko. Balazta ondo dabilen jakiteko palanka bat sakatu eta saiatu bizikleta mugitzen. Erabat gelditzen ez baduzu ez dago ondo. Gero bestearekin gauza bera egin.
Zapatak. Ondo balaztatzeko zapatak ondo kokatuta egon behar dute (estalkia ukitu gabe eta hagunaren alde laua osorik hartzen dutelarik). Txarto daudenean zapatak aldatu.
Arazoak. Hauetako arazo bat baduzu, balaztak aztertu ondo jartzeko: balaztatzean zarata egiten dute, zapata txarto kokatuta edo higatuta egon daiteke; sakatzea kosta egiten bazaigu, kablea okertuta egon daiteke ala agian koipeztatu beharra du; palanka bere hasierako egoerara itzultzen ez bada, malgukiak zahartuta egon daitezke eta indarra galdu dute agian.
Derrigortasuna. Kale eta errepideetatik ibili ahal izateko, bizikletek aurreko zein atzeko balazta eduki behar dituzte ezinbestean.